Taldearen 20. urteurrena ospatzeko Denbora da poligrafo bakarra disko hirukoitza kaleratu zuen BERRI TXARRAK-ek. Bada, lan hori munduan zehar aurkezten emandako 2015 urtea mugarri bilakatu da nafarren ibilbidean. Nazioarteko eszenan egonkortzeaz bat (Mexiko, AEB, Alemania, Frantzia…), estatuko areto nagusietan sarrerak agortu dituzte bira honetan. Donostian izan ziren lehendabiziko zuzeneko aurkezpenak (lau kontzertu jarraian Intxaurrondoko Kultur Etxean) eta gerora etorri ziren Bartzelona (Apolo), Madril (Joy Eslava) edo Valentziako (La Rambleta antzokia) saio arrakastatsuak, non sarrera guztiak agortu baitzituzten. Ahaztu gabe ziurrenik birako hitzordu berezienak izan zirenak, BEC-en eta Madrilgo Palacio de los Deportes-en Rise Against eta Refused taldeen gonbidatu gisa.
Aretoetako kontzertuez gain, BTX estatuko jaialdi nagusienetan izan ditugu aurten. Lan berrian Ross Robinson (The Cure, At The Drive-In, Slipknot), Ricky Falkner (Love Of Lestbian, Standstill) edo Bill Stevenson (Black Flag, Descendents) ekoizle ezberdinekin lan egin izanak taldearen izaera kamaleonikoa berretsi besterik ez du egin eta, gauzak honela, Berri Txarrak estilo arras ezberdinetako jaialdietan ikusi ahal izan ditugu: Resurrection Fest, Sonorama, Al Rumbo… Honek guztiak berebiziko oihartzuna izan du eta aipatzekoa da Premios Fest sariketan Estatuko Zuzenekorik Onenaren Saria jaso izana, Vetusta Morla eta La Pegatina izendatuen aurretik.
Baina bestelako saririk ere jaso du taldeak: Denbora da poligafo bakarra-k Euskarazko Diskorik Onenari saria jaso zuen Premios de la Música Independiente (MIN) sariketan eta orobat Zerbait asmatuko dugu kantuaren bideoklipak (Joseba Elorzaren esku), Bideoklip Onenari saria erdietsiz Caóstica Zine jaialdian.
Urte bereziari amaiera ezin hobea emateko, BERRI TXARRAK-ek ‘Jaio.Musika.Hil’ disko beltzaren binilo gardena kaleratu berri du Only In Dreams zigilu propioan. Jakina da disko hau mugarri bilakatu dena taldearen ibilbidean eta aurtengo Durangoko Azokan lanik salduenetakoa izan berri da. Dagoeneko sarean eros daiteke, Berridenda taldearen internet bidezko dendan. Dagoeneko 2016rako hainbat jaialdi konfirmatu ditu taldeak, besteak beste Gijón Sound Festival (Tindersticks-ekin batera), Viñarock edo Kadizeko Cabo de Plata.
Horregatik guztiagatik, taldeak zinez eskertu nahi ditu urte berdingabe honetan euren alboan izandako zaleak. Eskerrik asko eta ez dadila haria eten!!
Honatx 2015eko azken kontzertuak.:
Abenduak 10 HUESCA @ El Veintiuno
Abenduak 11 MANRESA @ Stroika
Abenduak 12 BANYOLES @ Ateneu
Abenduak 13 ALCOVER @ Convent de Les Arts
Abenduak 14 TOULOUSE @ Le Saint des Seins
Abenduak 15 BORDEAUX @ Heretic
Abenduak 16 LYON @ Warm Audio
Abenduak 17 PARIS @ La Mécanique Ondulatoire
Abenduak 18 NANTES @ La Scène Michelet
Abenduak 19 EZPEIZE-ÜNDÜREINE @ Bestak