Info
2019-XII-5
ONLY IN DREAMS
BERRI TXARRAK: Berba eta irudia (Argazki-liburua)
Ibai Arrieta eta Eider Iturriaga argazkilariak bidelagun izan ditugu Ikusi Arte Tour 2019 biran zehar, horren emaitza paperera ekarri eta liburu eder baten bidez partekatu nahi izan dugu orain.
Argazki guztiak 2019ko biran atereak izan dira, Gernikako Astran hasi eta Iruñeko Navarra Arena bitartean taldeak hiru kontinentetan eman dituen 60tik gorako emanaldietan (Europa, Asia eta Amerika). Tartean izan dira ‘Beude’ gaztetxe eta areto txikietako kontzertuak, Kobetamendiko hitzordu historikoa (non 20.000 zaletik gora elkartu baitziren) edota Japonia eta Estatu Batuetako birak. Koloretan zein zuri-beltzean, ez dira falta zuzeneko argazki ikusgarriak, baina beharbada nahiago izan dugu eszenatokira igo aurreko eta bertatik jaitsi ondorengo ordu mortu horietan fokua (edo objektiboa) jarri.
Luxuzko edizio zaindua dakarren liburu honetan (300 orrialdetik gora, tapa gogorra eta hainbat paper mota ezberdin) topatuko dituzu errepidea, euforia eta nekea, musikariaren ofizioa barrutik ezagutzeko aukera, komunitatea, anaitasuna eta bakardadea, kanporanzko zein barneranzko bidaia bisuala, argiak eta itzalak, BTXeko hiru kideak bai, baina baita euren lantaldearen ezinbesteko ekarpenarena ere.
Argazkiez gain (irudia), liburuak Harkaitz Cano idazlearen testuak dakartza (berba). Hainbat ataletan banatua, Harkaitzek musikagintzaz, sorkuntzaz, BTX-en letragintzaz, errepideaz, hipnosiaz, lebitazioaz, kontzertu aurreko zein ostekoen inguruan egindako hainbat hausnarketa eskaintzen dizkigu hemen, berezkoa duen estilo literarioan eskaini ere.
‘Berba eta irudia’ argazki-liburuak 2019ko abenduan ikusi du argia, hots, Berri Txarrak-en etenaldi mugagabea hastearekin batera. Bedi dokumentu grafiko-literario hau bira ahaztezin baten oroigarri zintzoa.