EU | ES | CA | EN

MARAVILLAS ZUZENEAN (LIVE AT WIZINK CENTER, MADRID): SINGLE DIGITAL BERRIA, DAGOENEKO PLATAFORMA GUZTIETAN

BERRI TXARRAK geldialdi mugagabean da egun, 25 urteko ibilbidearen ondotik merezitako atsedenaz gozatzen. Haatik, zuzeneko single digital hau argitaratu nahi izan dute orain,  itxialdi aro gogor honetan jarraitzaileei egindako keinu gisa.

Estreinakoz modu ofizialean, ‘Maravillas’ kantu ezagunaren bertsio soilena, biluziena entzuteko parada daukagu: Gorka Urbizuren gitarra eta ahotsa besterik ez, non eta Madrilgo WiZink Center-en (Palacio de los Deportes zena). Kontzertu gogoangarri hartako lagin bat erakusten digu kantu honek, zinez mugarria izan baitzen hala taldearen ibilbidean nola, hein batean, euskarazko rockaren historian -7.000 zaletik gora batu ziren bertan-.

Hunkidura eragiten duen bertsioa inondik ere, dagoeneko eskuragarri dago (apirilaren 17tik aurrera) plataforma digital nagusietan zein taldearen webgunean bertan (www.berritxarrak.net), entzun/deskargatzeko moduan.

Bestalde, gogorarazi nahi dugu taldeak iragarritako luzemetrai dokumentala dagoeneko edizio fasean dagoela, hilabete batzuen buruan estreinatzeko asmoz, betiere pandemiaren ondorioek ahalbidetzen duten heinean. 2019ko Ikusi Arte Tour birako hainbat lekutan filmatua (Tokio, Mexiko, Madril, Los Angeles, Berlin, Bartzelona, Donostia, Iruñea…), pelikulak hainbat ertz erakusten ditu, hala nola BTX eta zaletuen arteko lotura estua –haria-, musikaren indar integratzailea, haren balio pertsonal zein unibertsala, kantuek intimotik komunitaterako egiten duten bidea –eta alderantziz-, oholtzara igo aurretiko zein ondorengo une bereziak, gorenean uzteko balizko arrazoiak, etorkizuna… Marina Lameiro nafarra izango du film honek zuzendari, eta Arena Comunicación, Txalap.art eta Only In Dreamsen arteko elkarlanetik ikusiko du argia. Adi beraz!

BERRIDENDATIK OHARRA ETA ESKAINTZA: Apirilaren 26a bitarte, Berridendan edozein erosketa eginez gero, ‘Maravillas Zuzenean’ single berria doan deskargatu ahal izango duzu.

© 1994-2018 Berri Txarrak | berritxarrak@berritxarrak.net



diseinua eta garapena: azo@pandaartistmanagement.net